Historia pixka bat
Bilbok ez du aurkezpenik behar, baina, hala ere, egin egingo dugu:
Bizkaiko hiriburua da, eta 345.821 biztanle ditu; Euskal Herrian biztanle gehien duen hiria da.
Hiribildu hau Nerbioi ibaiak zeharkatzen du, eta garai batean hiriko ekonomiaren bizkar-muina izandako horri esker, penintsulako porturik garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen.
XIX. mendean zehar, industrializazioaren etorrerarekin, Euskal Herriko gune ekonomiko nagusi moduan finkatu zen, eta orduan hasi ziren «Bizkaiko Labe Garaiak» bezalako siderurgia-enpresak sortzen, zabalgune berrian zumardiak eta pasealekuak zabaltzen, eta bestelako eraikin enblematikoak altxatzen: udaletxe berria, Arriaga antzokia eta Basurtuko ospitalea, adibidez.
Langileak gogor borrokatu baziren ere, ondare industrial horren zati bat galduz joan zen 80ko hamarkadako eraldaketen ondorioz. Itsasadarraren bazterretan zeuden burdinolak eta ontziolak ateak ixten joan ziren apurka-apurka, eta museoei eta arkitekto ospetsuen lanei egin zieten bide.
Eraldaketa hori 1995ean hasi zen, Norman Fosterren metroa inauguratu zenean, eta Abandoibarrako lurretan zabalduz joan zen: Frank Gehryren Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, Zubizuri, tranbia, Iberdrola dorrea…
XXI. mendean, Bilbo turistentzako erakargarri bihurtu da bere gastronomiari, kulturari eta arkitekturari esker, tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka perfektua erakusten baitu. Leku zoragarria da eguntxo batzuk Zazpi Kaleetatik edo Zabalgunetik pasieran ibiliz, txakolin on baten laguntzaz pintxoak janez edo hiriaren down by the riverside iragana ezagutuz disfrutatzeko.
Nola iritsi Bilbora
Penintsula iparraldeko hiririk garrantzitsuena denez, asko dira Bilbora iristeko dauden garraio-aukerak. Hegazkina, trena zein autobusa dituzu aukeran.
Hegazkinez
Garraio publikoz hirigunetik 15 minutu ingurura dago Loiu, Bilboko aireportua.
Hirigunera iristeko 3247 lineako Bizkaibus autobusa har dezakezu: 15 minuturo abiatzen da, egunero, 06:20tik 24:00ak bitartean Aireportutik, eta 05:20tik 22:00ak bitartean Bilbotik.
Autobusez
Bilboko autobus-geltokia TermiBus deitzen da, eta San Mamesen dago, Nerbioi itsasadarretik eta hirigunetik oso hurbil. Madriletik lauzpabost ordutan iristen da autobusa Bilbora, eta Bartzelonatik, 7-8 ordutan.
Trenez
Trena aukeratzen baduzu, Abandoko geltokira iritsiko zara, hiri erdi-erdira. Madriletik bost ordu eskasean iristen da trena, eta Bartzelonatik sei ordu pasatxo behar izaten ditu. Kontsultatu Renferen webgunea informazio gehiago lortzeko edo txartelak erosteko.