Enric Peidro saxo tenor jotzailea estatuko jazz musikari sendo eta errespetatuenetakoa da: diskografia zabala du musikari laguntzaile zein lider moduan, eta bere ibilbide luzean nazioarteko jazz klasikoko hainbat maisurekin egin ditu kolaborazioak, grabazioak eta zuzeneko agerraldiak.

Komunikabideen arabera, instrumentista sendoa da, sortzailea, eta ezin hobeto ezagutzen duen Swing Era garaiko swing klasikoan gaur egun dagoen espezialista bakanetakoa da.

Bere ospeak ikaragarri egin du gora Enric Peidro Swingtet sortu zuenetik: sarritan zazpi edo zortzi kide biltzen dituen seikotea. Combo ertain horrekin ikusle zein dantzari, denak liluratu ditu bere mailari, dotoreziari eta swingdun ikuspegi garbiari esker. Jazz klasikoa jorratzen du, baina ez musika-arkeologia egitearren edo bildumazale-nostalgiagatik. Bere ustetan, ez dago inolako revival beharrik, jazz klasikoa eta swinga bizi-bizirik eta sasoi onean daudelako zuzen eta sutsuki jotzen direnean.

Taldea saxo tenorrak, tronpetak eta tronboiak osatzen dute, pianoa, kontrabaxua eta bateria biltzen dituen erritmo-sailarekin batera.

Etengabe material berri bila ari da taldea, direla melodiak, direla moldaketak; bereziki aparta, harrigarria, ezustekoa… den horren atzetik, hain zuzen. Bestela, luzaz ahaztutako konposizio freskoak berraurkitzen saiatzen dira, nolabait frogatzeko denboraren joanak ez diola kalitatezko musikari eragiten. Gainera, benetakoa, irudimentsua eta naturala den diskurtso musikalaren bidez, swing musika bizirik eta egoera onean dagoela erakusten dute. Entzuleak zein dantzariak dantza-pistatik nahiz kontzertu-aretotik ahoan irribarrea dutela irtetea da taldearen helburua.